Urtean Zeharreko XVII. Domekea_C



Sal 137, 1-2a. 2bcd-3. 6-7. 8





R/. Dei egin neutsunean, entzun ninduzun, Jauna.

Eskerrak emoten deutsudaz, Jauna, bihotz-bihotzez,
kantuz ospatzen zaitut aingeruen aurrean,
eta zure tenplu santurantz begira ahuspezten naz. R/.

Eskerrak emoten deutsadaz zure izenari,
zure maitasun eta leialtasunagaitik,
paregabeak egin dozuz-eta
zeure izena eta promesa.
Dei egin neutsunean, erantzun zeustan,
bihotzean kemena bizkortu. R/.

Gorena da, bai, Jauna,
baina umilari deutso begiratzen;
harroari, barriz, urrundik igarten.
Larrialdian aurkitzean, 
bizia babesten deustazu arerioen amorruaren aurrean,
eskua luzatu eta salbatzen nozu. R/.

Dana egingo dau Jaunak nire alde. 
Jauna, zure maitasuna betikoa,
ez itzi bertan behera zeure eskuen lana! R/.


Urtean Zeharreko XVI. Domekea /C





Sal 14, 2-3. 4-5ab


 
R/. Jauna, nor dagoke zure txabolan?


Akats barik eta zuzen jokatzen dauana;
bihotzean egiazale izan
eta mihinaz inor belzten ez dauana; 
hurkoari kalterik egiten ez deutsona,
ezta auzokoa iraintzen ere.

Jaunak baztertua gutxietsi
eta  jainkozaleak ohoratzen dituana;
bere kaltetan zin eginik ere aldatzen ez dana;
dirua lukurreriaz mailegatzen ez dauana
ezta errubakoaren kaltetan
      eskupekorik hartzen ere.

Urtean Zeharreko XV. Domekea_C



Sal 68, 14 eta 17. 30-31. 36ab eta 37



R/.   Murgilduok, bilatu egizue Jainkoa,
         eta birbiztu bekizue bihotza

Baina nik Zuri dagizut otoitz; mesede-sasoia dozu, Jauna.
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure salbamen leialaz.
Erantzun, Jauna, samurra da-eta zure maitasuna,
bihurtu nigana begiak zeure erruki handiaz.  R/.

Ni, barriz, gizajo atsekabetu hau,
indarbarritu nagiala, oi Jainko, zure salbazinoak.
Jainkoaren izena kantuz dot goratuko,
esker onez handietsiko. R/.

Salbatuko dau, bai, Jainkoak Sion,
eregiko ditu barriro ere Judako uriak.
Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
haren izena maite dabenak han biziko. R/.

Urtean Zeharreko XIV. Domekea_C




Sal 65, 1-3ª. 4-5. 6-7ª. 16 eta 20




R/.       Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari


Lur osoa, egiozu irrintzi Jainkoari,
kanta haren izen ospetsuari,
emon aintza eta gorapen Berari.
Esan Jainkoari: «Zein izugarriak diran zure egintzak! R/.

Mundu osoa ahuspezten da zure aurrean,
kantu dagizue, kantu zure izenari.
Zatoze eta ikusi Jainkoak eginak,
izugarriak dira gizakien aldeko haren ekintzak. R/.

Lehor bihurtu eban itsasoa,  
oinez igaro eben ibaia;
poztu gaitezan, beraz, Haregaz.
Nagusi da betidanik bere ahalmenaz. R/.

Zatoze eta entzun, Jainkoari begirunea deutsazuenok,
kontatuko deutsuedaz Harek nire alde eginak.
Bedeinkatua Jainkoa, ez dau-eta baztertu nire otoitza,
ezta aldendu ere nigandik bere maitasuna. R/.

Urtean Zeharreko XIII. Domekea_C



URTEAN ZEHARREKO XIII. DOMEKEA   /C


Sal 15, 1-2ª eta 5. 7-8. 9-10.11




R/. Zeu zara, Jauna, nire ondarea


Gorde nagizu, Jainko, Zeugan naz-eta babesten.
Honan dinotsot Jaunari: «Zeu zaitut nire Jauna
Zeu zaitut nire ondarea, nire edontzia,
zeure esku dago nire zoria».   R/.

Bedeinkatzen dot Jauna, aholkua deust-eta emoten,
gauez ere Berak dau nire barrua hezten.
Begi aurrean dot Jauna eten barik;
Bera eskuman dodala, ezin naiteke dardaratu. R/.

Horregaitik, alai dot bihotza, pozik erraiak,
atsedenean nasai gorputza.
Ez dozu-eta nire bizia Heriotz-leizera jaurtiko,
ezta zure fededuna ere hilobian galtzen itziko. R/.

Bizirako bidea erakutsiko deustazu: 
alaitasunez beteko nozu zeure aurrean,
zorionez betiko zeure ondoan. R/.


Urtean Zeharreko XII. Domekea



URTEAN ZEHARREKO XII. DOMEKEA   /C


Sal 62. 3-4. 5-6. 8-9


R/. Zure egarriz daukat gogoa, Jauna, ene Jainkoa.


Jainko, Zu ene Jainko,
goizetik najabiltzu bila,
zeure egarri da nire barrua, 
zeure gogo biziz da ni nazan guztia,
lur idor, agor, ur bakoa lez.   R/.

Holan egon gura dot santutegian Zeuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederragoa da-eta zure maitasuna,
nire ezpanek goratu egingo zaitue. R/.   

Holan gura zaitut bedeinkatu nire bizitzan,
eskuak jaso zure izenean.
Jakirik gozoenez lez aseko naz,
eta nire ezpanek poz-oihuz goratuko zaitue. R/.       

Zeu izan zaitut-eta laguntzaile;
pozez egingo dot oihu zure egoen gerizpean.
Zuri itsatsia nago osorik,
eta zure eskumeak eusten deust. R/.